Manifestua

AZALAREN ALDE

Kontra egiten dakien herri batetik mintzo gara,
galtzeko beldurrik gabe, askotan,
irabazteko asmorik gabe, gehienetan,
kontra egiten dakien herri batetik.
Askatasuna ez baita ez zuria ez garbia,
eskuak zikindu eta hankak lokaztu zaizkigu,
eta albistegietan denbora lapurtu diegu
eguraldiaren gizon-emakumeei.

Oraindik ere begirada bizirik eta ahotsa garden duen
herri errebelde eta aldrebes honetatik
aldarrikatu nahi dugu kontra bezala dakigula egiten alde,
eskuak zikindu eta hankak lokaztu zerbaiten alde,
zerbaiten alde eginez ere bagarela errebelde.
Gauza txarretatik gauza onak ateratzeko garaia aspaldi heldu dela
harria urre bilakatzekoa, besteren begian lastoa bilatu ordez
geure habeekin etxea eraikitzekoa.

Gaitza hitzak gaixotasuna eta mina esan nahi du.
Aitzolek biak ditu, hain larriak gainera, preso bat ez, bi
jarri baitizkiote ziegan egun osoz, bi preso-itzal,
lokarriak jarrita daramatzala ziurtatzeko
sokarik lapurtu ez duela arropa zintzilikatzeko tokitik
gauez ez dela esnatu bere gorputzaz gorpu egiteko.
Aitzol, gorputz errebelde bat,
gorputza guda-zelai eta lubaki den espetxean.

Gorputzaren kontrako azken borrokaldia
gorputzaren aldeko bilaka dezagun,
Aitzolen azalera izan dadila geure irla,
bete dezagun su txikiz eta kantez
eraiki dezagun ontzi bat goiz-alban
itzalak baino zerbait gehiago bizi daitezen bertan.

Azalera dezagun bere bizitza,
gorputzaren aldekoa da azken borrokaldia.


BARAUALDI-MINTEGIAREN EKIMENAK

Baraualdi-mintegia, Aitzolen etxera ekarriko duten ideien plaza izatea nahiko genuke.
Horregatik, baraualdian parte hartzeko aukerarik ez baduzu ere, etor zaitezen nahi dugu;
argazkia egitera, zure ideia partekatzera, bisita egitera…hori da garrantzitsuena.
Ateak zabalik izango ditugu. Zatoz.

Abiapuntuko ideiak:
Abenduaren 10 eta 11n
10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik-20:00etara
‘Aitzolen azalera’ PHOTOCALL-a
10:00etatik – 20:00etara: Aitzol etxera ideien liburua

aitzolen-azalera-kapa-bakarrean